XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

9. Mapari behatu eta erakunde sindikal desberdinen kokalekuen gaineko iruzkin bat egin ezazu.

Esan dezagun, azkenik, langile erakundeei nagusiki hirietako langileek eutsi bazieten ere, kontuan hartzeko garrantzia izan zutela haietan jardun zuten laborariek.

Eta haiekin batera, inongo erakundetan ez zegoen arren egoera hobetzeko mobilizazioetan parte hartu zuen langile-masa handiak.

Hauen adibide argia ditugu Errepublika baino lehen laborari nafarrek beren udalerrietako herri-lurren alde egin zituzten mobilizazioak.

10. Txosten labur batean, azal itzazu lehen langile erakundeen sorrera-prozesua eta langile mugimenduan bereizi ziren joera nagusiak.

3. Kataluniako nazionalismoa

XIX. mendearen erdialdean, gainbehera luze baten ondoren, bizkorraldi bat bizi izan zuen Kataluniako kulturak, La Reinaxença izenez ezaguna.

Kulturaren berpizte-aldi hura XIX. mendearen erdialdean hasi zen, liburu batzuk argitaratzearekin batera.

Haien bitartez hasi zen Kataluniako hizkuntza eta kulturaren bizkortze prozesua eta, era berean, esparru egokia aurkitu zuen katalanismo politikoak giro hartan bere agerpena egiteko.

Mugimendu politiko katalanistaren iturburuetako bat izan zen F. Pi i Margallen errepublikazaletasun federala. Erregimen demokratikoak hondoa jo ondoren, katalanismo politikoaren lehen formulazioak egin zituen Valentí Almirall errepublikazaleak.

Almirallek Centre Catala delakoa sortu zuen, katalanista guztien topagunea izan zedin eta Lo catalanisme obra argitaratu zuen bere ideologia zabaltzearren.

Hartan azaldu zituen ideien arabera, sakon aldatu behar ziren Kataluniako egitura guztiak, zentzu moderno, positibista eta laikoan, eta mugimendu haren arrimuan sakon aldatuko ziren Espainiako gainerako lurraldeak ere.

Almirallek bere ideiak plazaratu zituen une beretsuan sortu zen Kataluniako erregionalismo kontserbadorea, karlismo kataluniarraren ondorengo gisa.

Joan Mañé i Flaquer izan zen haren bultzatzaile nagusietako bat.

Haren idatzietan, El regionalismo liburuan bereziki, Kataluniaren nortasun historiko berezia defendatu zuen Mañek eta Espainiako gobernuak nortasun hori sistema deszentralizatu baten bitartez babestu behar zuela argudiatu zuen.

Kultura eta politika alorretako ekimen hauekin batera, han eta hemen sortu ziren Kataluniako geografia osoan zehar arian-arian mugimendu katalanista eratuko zuten elkarteak.

Mugimendu honetan ez zuten indar handiegirik Printzerriaren independentziaren aldeko iritziek eta egiten ziren formulazio politikoek ahalik eta autogobernu maila handiena zuten helburu.

Horrenbestez, katalanismoa terminoa erabiliko dugu nazionalismoa hitzaren ordez, konnotazio erradikalagoak eduki bailitzake honek.

Katalanismoak sendotzearen aldeko urrats garrantzitsua egin zuen 1892an, Manresako Batzarrean.

Kataluniako hiri eta herrietako 248 ordezkari bildu ziren Manresara eta batzar hartan onartu ziren Kataluniako Lurralde Konstituziorako oinarriak (Bases per a la Constitució Regional Catalana), Manresako Oinarriak (Bases de Manresa) izenez ezagunak.

Oinarri haietan egin zen estatu-proposamena konfederala zen ia eta autogobernu-maila handi batez hornitzen zuen Katalunia barne-egiturari begira.

Dokumentu hau katalanismo kontserbadorearen aldarrikapen-plataforma bihurtu zen eta hartan oinarriturik eratu zen 1901ean Lliga Regionalista izeneko partidua, Enric Prat de la Riba buru.

Manresako Biltzarra.

Era berean, mende berriarekin hasi zen ezkerreko katalanismoa antolatzen, errepublizaletasunari lotua.

Lligak baino eragin txikiagoa izan zuen hasiera hartan.

Katalanismo errepublikazaleen erakunde horiek II. Errepublikaren garaian izan zuten indar handien, Esquerra Republicana de Catalunya sortu ondoren. Kataluniako indar nagusia izan zen ERC Errepublikaren garai osoan zehar.